ZUZENBIDE DOKUMENTUA

1962

“Zuzenbide” dokumentua:

komunismoa faxismoarekin parekatu eta biak ala biak diktatorialak direla dio:

  • 36.neko gerra eta gero oso zabaldua zegoen sentimendua zen. Sentimendu horre sorburua EAJ-PNV-k Ameriketako Estatu Batuekin zeukan kolaborazioan eta gerra hotzean kokatu daiteke.

- EAJ-PNV-k, komunistak, Eusko Jaurlaritzatik bidali egin zituen 1948.neko maiatzean.

  • Erakunde sortu berriak komunismoa ontzat ez emateko erabiltzen duen arrazoia, komunitateak

   norbanakoa zapaltzen duela da; eta hori ETA-ren ustetan euskaldunen izateko eraren,  

   nortasunaren, kontra legoke. Beste behin ere arrazonamendu esentzialistak erabiltzen dira.

 

Euzkadi Ta Azkatasuna

 

ZUZENBIDE

 

ETA Euskal-Erakundeak bi elburu edo xede nagusi artu ditu bere eginbidearen gidaritzat: Aberriaren Azkatzea, eta Erriaren beraren Azkatzea. Abertzale Ekintzan sortua da, eta ez du iñolako zer-ikusirik lehenagoko partidu, erakunde edo elkargorekin.

Gaiñerako erriak bezelaxe, Euzkadi’k badauka ere bere buruaren jabe izateko eskubide osoa. Azkatasun ori lortze arren, aldiari eta uneari dagozkien biderik egokienak erabiliko ditu.

Euzkadi’ren Azkatasuna ez da, E.T.A.’ren iritziz, erakundearen betekizunik gorena. Bai, alabaiña, premiatsuena, Euskal-Erria alde guztietatik aurrerarazteko eta sendotzeko ziñezko bide bakarra.

Baldin Euzkadi’k, bere buruz, eta bere elburuari eta izateari arretaz begiraturik, erresumaz-gaiñeko erakunde edo elkargoren bati utzi nai ba dio bere eskubideren bat, alaxe egingo du.

E.T.A.’ren aburuz, kondairan barrena Euskal-Erria osatu zuten eskualdeak osatzen dute gaurko Euzkadi ere. Ots: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa’k.

E.T.A.’k, politikari buruz, ondorengo puntu auek egin ditu bere:

Euzkadi’ra Aginte Demokratiko bat ekartzen saiatuko da, erriak berak aukeratua eta izendatua; eta ori horrela politika utsaren arazoetan, sozialetan eta jakintzaren aldekoetan ere. Agintaritza ori beti egongo da euskaltasunaren zerbitzuko.

Gizonaren Eskubideak itzal osoan gordeko dira. Au da: mintzatzeko azkatasuna, batzartzeko azkatasuna, sindikatzeko azkatasuna, edozein erlijio edo siñismen aukeratzeko eta jarraitzeko azkatasuna, eta abar. Edo-ta ere, eskubide auek ezin ditezke iñolaz ere balia Euzkadi’ren azkatasunaren kaltetan; ezta diktadura edo nagusikeri-gisakorik ezer Euzkadi’n ipintzen saiatzeko faxista dala, komunista dala; ezta taldexkilla edo klasetako interesik zaintzeko, ez euskaldunik ez atzerritarrik (politikoa dala, edo erlijiozkoa, gizartekoa edo ekonomikoa). Puntu onen kontrako utsegiteak, alere, ez dira aldez aurretikako debekazioren bidez galeraziak edo ordaiñaraziak izango.

Euzkadi’n zabalerarik aundiena emango zaio agintearen barrutikatzeari; baita lege-mailla ere berezko diran alkartasunai. (Auen artean, bereziki, Erriburua eta Eskualdea).

Europa’ko Alkartasun Federala aberrien mallan eta gizonen eta errien irabaziarentzat eta aurrerapenentzat billatzen dalarik, E.T.A.’k Federatze-kera orren alde jokatuko du E.T.A.’k. Bai politika edo sozial arazoetan, bai ekonomiko edo kulturakoetan ere, aurrerapen orren laguntzaille izan bear baitu Europa’ren batasunak, eta ez etsai. Orregatik, Alkartze ori, berriz, gaurko beren ortan mamitu bear ba dute eta sortu, alkargainka metatuz, sasi-Europa bat jaioko litzake; eta E.T.A.’k europatarkeri ori gaitzesten du, nagusikeri eta morroikeriai esuteko bide bat baizik ez dalako; ots, oiei lotuta dijoazen bidegabekeri eta zapalbideen jarraitzapen garbia.

Mundu guziko Erresumen arteko mugak kendu egin bear dira pixkanaka. E.T.A.’k kaltegarritzat eta Naturalezaren kontrakotzat dauzka muga oiek; errien arteko ezin-ikusiak eta gorrotoak arrotu, gizonen arteko alkarrartzeak zaildu, eta edonolako aurrerapenak, malla guzietan, moteldu egiten dituztelako.

Mundu guzian zear sakabanatutako euskaldunak Aberrira itzul-erazi bear dira.

Arrazakeria gaitzesten du; ortaz, ez du ontzat ematen erri baten edo besteren jatorrizko gaillentasunik. Kanpotarren erbesteratzerik edo bakartzerik ez du, beraz, on artuko, kanpotarrak Euzkadi’ren interesen eta eskubideen aurka jokatzen ez duten artean.

Militarkeria, sustraietik beretik gaitzesten du E.T.A.’k. Beraz, Euzkadi’n dagoen militar–erakundea ezdeustaratua izango da.

E.T.A. akonfesionala da, eta alakoxea nai du ere Euzkadi’ren Legedia.

E.T.A.’k, sozialari buruz, ondorengo puntu auek egiten ditu bere:

Etorkizuneko Euskal Ekonomian amaia eman bear zaio Liberal-Ekonomiari. Azalezkoa gertatzen da Demokrazia, Agiriko Politika utsaren maillan gelditzen baldin ba da, Ekonomiaren arazoetan sakon legetu gabe.

Jabegoaren Eskubidea birrikusi eta aldatu egin bear da. Legeak Jabegoaren sozial-aldea agerrerazi eta zaindu bear du bereziki: industrian, nekazaritzan, arrantzan, eta gaiñerako ekonomi-bazterretan.

Sozializatu egin bear dira oñarriko ondasun-iturriak eta Aberri-aberastasunak. Indartu egingo dira kooperatibak, bear diran laguntzak eskeiñita.

Erriaren agindupean eraendu eta planifikatuko da Euzkadi’ren Ekonomia. Ots: Sindikato, Fabriketako Batzorde, Eskualdeetako Elkargo, eta Udaletxeen aurrean. Klasetako interesak ez dute ez lekurik ez laguntzarik aurkituko Euskal Ekonomian.

Lanaren eta Kapitalaren arteko gora-beheretan E.T.A.’ren irizpidea auxe da: Lanari lehentasuna.

Lantegietako edozein maillatan beti izango dira bi alderdiak ondo izendatuak: Lana eta Kapitala. (Berdin da au ororena izan, ala partikularra). Zuzentzearen eginkizunetan eta irabazien zatitzean, batak eta besteak izango dute dagokien partea.

Etekiñak eta ondoriotasunak mugatu egin bear dira, segidako zerga-kateak sortuz.

Asurantzak zuzenak eta prestuak sortuko dira. Ortarako, aitaizunkeriaren xede izkutuai ez, baiñan gizatasunari berez zor zaion itzalari geiago so-egiñik.

Ekonomi errikoiaren ezagugarririk eta zurkaitzik sendoena Sindikatua dan ezkero, arras begiratuko ditu Legeak onen eskubideak.

Gizarte-Zuzentasunaren oñarririk zindoena kultura erriaren eskuetan jartzea da. Ortaz, edozein euskaldun biztanlek (nungotarra danez arduratu gabe) jakintzarik maillarik gorenak iristeko aukera egiazkoa izango du, ortarako dohaiñak falta ez ba zaizkio. Ori dalata, adiñetako 16 urteak artean, irakaskintza guzia ezin-bestezkoa jarriko da danentzat, eta urrik emango. Danak izan bear dute, legearen aldetik, aukera berbera; beraz, E.T.A.’k aurre-sari bat sortu nai du, 16 urteetatik gorako ikasleen bizimoduarentzat.

Jakintzari, buruz, E.T.A.’k, ondorengo puntu auek artzen ditu gidaritzat:

Gure Aberriaren izkuntza bakarra euskera da. Euskera billakatu bear da kondairan zear izandakoa; ots: euskaldun guzien mintzabidea. Euskal Erresuman euskerak ez bestek izango ditu lehentasunaren eta ofizialtasunaren laguntzak. Ala ere, gaurko izkuntza-egoera kontutan arturik, iru-mintzairatza onartuko litzake oraingoz.

Euskal Unibersidadea sortuko da. Onek presunaren onetan, eta Aberriaren iratzartzean biziki lagunduko du.

Euskaltasun jatorraren agerpen eta ezagugarri guziak laguntza ofiziala izango dute, eta Euzkadi guzian zear zabalduko.

Abertzale diran euskaldun partidu, indar eta erakundeakin alkarrartuta lanegin nai du E.T.A.’k.

Berdin ere nun-naiko erakunderekin alkarrartuta jokatu nai du, gaur Euzkadi’k jasaten duen zanpatzearen aurka burrukatu nai ba dute oiek.

Dana dala artu-eman oiek ezin dezateke iñolaz ere arriskutan jarri gorago E.T.A.’k finkatutako xederik edo biderik.

EUZKADI TA AZKATASUNA (E.T.A.)

1962’ko Maiatzean.