Irakurri dokumentu osoa     

 

OINARRI TEORIKOAK

 

Demokrazia industrialari hurbilketa egiterakoan, gure azterketa, ezin dugu enpresa isolatu batek adierazten duen irla enpiriko marabiloso bati mugatu. Alderantziz, demokrazia industrialaren errealitatea ulertzeko, gizarte berak osatzen duen, eta interdependentzian oinarriturik dagoen, sare konplexu horretan, eta egun dugun zibilizazio kapitalistan (gizakien historian forma historiko gisa kontsideratuz) murgildu egin behar gara.

Kapitalismoaren aztertzaileek erakutsi diguten legez, produkzio modu kapitalistak duen banaketa bikoitza, kapitalismoaren bihotza osatzen duena, bi kontraesan nagusi ditu: langile eta produkzio tresnen arteko banaketa bata; unitate produktiboen arteko banaketa bestea.

Langile eta produkzio tresnen arteko banaketa, produkzio tesnen gain, produkzio agenteek dituzten harreman sozialak eta harreman teknikoak adierazten ditu. Produkzio tresnen gain, produkzio agenteek dituzten jabetza edo ezjabetza, harreman sozialak osatzen dituzte; eta produkzio tresnen gain, produkzio agenteek duten kontrola edo kontrol gabezia (produkzio prozesuaren gain kontrola edo kontrol gabezia) harreman teknikoak osatzen dituzte. Unitate produktibo bakoitzean, harreman sozial eta harreman teknikoen arteko konbinaketa berezia eginez gero, produkzio harremanak osatzen ditugu. Horrela, faktoria bateko demokrazia industriala ikertu nahi dugunean, produkzio harremanak aztertu behar ditugu . Eta hemen, produkzio tresnen jabetzaren inguruan, eta produkzio prozesuaren kontrolaren inguruan, eta bien arteko konbinaketa bereziaren inguruan, dagoen demokrazia industriala aurkitu dezakegu[1]... Baina ez da nahikoa.

Unitate produktiboen arteko banaketak, gizarte kapitalistetan unitate produktiboak isolatuta daudela adierazten du; eta haien arteko erlazioa eta elkartrukea, zeharki, merkatuaren bitartez gauzatzen dela.[2] Horrela, unitate produktiboen arteko banaketak, egun dugun zibilizazioa diseinatzen du, ganbio-balioan oinarriturrik dagoena, merkatuaren hegemoniaren menpean ezartzen dena, eta gauza guztiak (pertsona bera ere) merkantzia bihurtzen dituena. Merkatuaren hegemoniaren menpeko den gizarte honetan, ekonomiaren motorea, iharduera produktiboari zentzua ematen diona, unitate produktiboa bizirik mantentzen duena, etekin pribatua da. Eta unitate produktiboen arteko sistema erregulatzailea, "konpetentzia da". Horrela, konpetitiboa izatea ez da enpresentzako elementu ideologikoa edo nahia, baizik eta merkatuan iraunbizitzeko baldintza ezinbestekoa.

Aipatutako bi banaketa hauen artean, dialektika bat dago. Honela, unitate produktiboetan dauden produkzio harremanak (dagoen demokrazia industriala adierazten dutena), merkatuaren lege eta funtzionamenduarengatik baldintzaturik daude. Eta demokrazia industrialaren aldeko estrategia bat diseinatzerakoan, bai unitate produktiboen barneko produkzio harremanen eraldaketa, eta baita ere merkatu menpean dagoen gizartearen eraldaketa, kontsideratu behar ditugu.

 

Demokrazia Industrialaren Mundu Anitza

Enpresa batean dauden produkzio harremanak, produkzio modu kapitalistak duen banaketa bikoitzaren ondorioak direla ikusiz gero, demokrazia industrialaren mundu anitza, metodologia klasikoa jarraituz, harreman sozialen demokratizazioaren aldetik, eta harreman teknikoen demokratizazioaren aldetik, azalduko dugu.

Harreman sozialen demokratizazioaren aldetik, enpresek dituzten jabetza-mota ezberdinak aipa ditzakegu. Horrela, oso ezaguna eta hedatua den "elkarte anonimoa", non kapitalistek produkzio tresnen jabetza dute, administrazioaren kontseilua, gorengo erakunde juridikoa delarik;[3] "elkarte kooperatiboa", zeinak harreman laboralak eraldatzen ditu[4] eta elkartearen gorengo erakunde juridikoa langileen asanbladan kokatzen du; "Elkarte Anonimo Laborala", zeinak, akzionisten kontseilua gorengo erakunde juridiko gisa mantenduz, kapital sozialaren gehiengoa langileen eskuetan ezartzen du;[5] "enpresa publikoa", non produkzio-tresnen jabetza Estatuaren eskuetan dago,[6] eta gizartearen izenean Estatuaren ordezkariek eramango dute gestioa; eta "enpresa komunitarioak",[7] non komunitateak, berak sortutako proiektu eta enpresen jabetza ditu, gestioa komunitatearen ordezkariek daramatelarik....aurkitzen ditugu. Herri garatuetan, kapital sozialaren zati bat, langileen eskuetan ezartzeko dauden formulak ere, aipatu behar ditugu. Horrela, Alemanian hain garrantzitsua den "kogestioa"[8] eta Estatu Batuetan hain hedatuak dauden "E.S.O.P."[9] horiek, kapital sozialaren zati minoritarioaren eskuraketa, langilea akzionista bihurtuz, baimentzen dute.

Harreman teknikoen demokratizazioaren aldetik, produkzio prozesuaren gain langileek duten kontrola. edo enpresaren gobernuan duten partaidetza, erabilitako lan antolaketaren bitartez alde batetik, eta gizarte konkretu batean, historikoki gauzatutako lan-arautegiaren bitartez beste aldetik, aztertu behar dugu.

Dakigunez, herri aurreratuetan gauzatutako lanaren antolaketak bereziki adierazten du partaidetzaren eremua (akumulaketa prozesuak eta sistema erregulatzaileak baita ere). Horrela, gizaldiaren hasieran TAYLORISMOA agertzen da, zeinak, lan prozesua partzelatuz, "lanaren antolaketa zientifikoaren" hastapenak[10] ezartzen ditu, artisauen trebetasunetik zetorren botere sindikala, edo lan-tresnaren gain artisauak zuen kontrola ezabatuz. Taylorismoak lan-postu barnean dauden denbora hilak ezabatzen ditu, eta artisauen lan-prozesua partzelatuz, Estatu Batuetan, sindikalismoaren derrota historikoa gauzatuko du. FORDISMOAK (taylorismoak egindako lan antolaketa onartu ondoren) lanpostuen koordinaketan dauden denbora hilak ezabatzen ditu, montaketa-katea ezarriz eta horrela, lanaren erritmoa "kanpotik" finkatuz eta sozializatuz. Fordismoak, Taylorismoari dagokion makinismoa garatzen du, eta horrela garapen teknologikoak gestio sistema berria bere barnean txertatzen du, teknologiaren neutraltasunaren mitoa deuseztatuz.[11] Lan-eginkizunen zatiketa paroxismoraino daraman M.T.M. sistema aipatu behar-dugu, zeinak langile batek egin ditzakeen mugimendu guztiak aztertuz, aurretik finkaturiko denboren sistema ezartzen du (lan-antolaketa zientifikoan oinarrituz), fitxen sistema unibertsala erabiliz.[12] Horrela, M.T.M. sistemak lantegi berrietan aplikatzerakoan, langileak egin ditzakeen mikromugimenduak kontuan hartzen ditu eta mugimendu bakoitzari denbora zehatza aurretik finkatzen dio.[13]

Harreman teknikoen demokraziari buruz hitz egiterakoan, herri ta Estatu bakoitzean dugun sistema instituzionala aipatu behar dugu. Hemen, herri eta Estatu bakoitzean, aurrerapen teknologikoen[14] eta klasen borroken ondorioz,[15] historikoki gauzatutako lan-arautegia dugu, zeinak enpresa barneko langileen partaidetzaren eremua instituzionalizatzen du. Horrela, Europako elkarte ekonomikoaren mailan gauzatutako lan-arautegiak, enpreseen gestioan langileek dituzten eskubideak, administrazio kontseiluaren partaidetzan eta zaintze kontseiluan, kokatzen ditu.[16] Horrela, Suedian, Norbegian, Alemanian, Nederlanden, Frantzian eta Luxemburgon, enpresen gestiorako langileen partaidetza instituzionalki arautzen dute. Espainako Estatuan, gobernu eta sindikatuen artean sinatutako akordio ekonomiko-sozialak (A.E.S.), teorikoki enpresa publikoetan langileen partaidetza bideratzeko, aukera ematen digu, baina errealitatean ez da gauzatzen.

Jakina, nola ez, aipamen berezia "Suediar ereduari" egin behar diogu. Hemen, enpresako batzar tekniko eta ekonomiko guztietan, langileen ordezkariek parte hartzen dute, eta lan-arautegian 1.976an gauzatutako "partaidetzaren legea" dugu. Legearen arabera, enpresa barnean edozein inbertsio egiterakoan edo produkzioaren metodoetan aldaketak egiterakoan, enpresariek langileekin negoziatzera beharturik daude. Horrela, produktibitatearen igoerari buruzko negoziaketa egiterakoan, lanaren baldintza hobeagoak, lan eginkizunen edukin tekniko eta soziala eta lanaren segurtasuna ere batera negoziatuko dira. Bestela, enpresaren estrategia eta aspektu tekniko eta ekonomiko guztiei buruz, langileak informatuak eta kontsultatuak izaten dira.

Aipatutako harreman tekniko eta sozialen arteko konbinaketak demokrazia industrialari benetako edukina ematen dio. Horrela,Taylorismoa aplikatzen den enpresa kooperatiboan, teknokraziaren domeinua dugu eta antiautogestioan funzionatzen duen enpresa autogestionarioa bihurtu daiteke. Alderantziz, partaidetza teknikoarekin funtzionatzen duen enpresa kogestionarioak, daukan edukin soziala handitu dezake.

 

Egungo testuingurua

Baina demokrazia industrialari buruzko hurbilketa, ezin dugu maila abstraktuan aztertu, egungo testuinguruan dauden zenbait aldagai garrantzitsu aipatu gabe, zeintzuek demokrazia industralaren errealitatean eta edukinan eragiten dute.

Lehengo aipamen berezia Mikroelektronikaren iraultzari egin behar diogu, zeinak "teknologia berrien" izenarekin produkzio prozesuak eraldatzen ditu. Horrela, iraultza mikrolektronikoak emandako lan-tresna edo teknologia berriak, produkzio prozesuan sartu ditugunean (material berriak, kontrol numerikoa daramaten makinak, "transfer lineak" fabrikazio malguan oinarritutako sistemak, automata programablea, industria-robota, telematika, gestiorako sistema informatizatua eta abar) zenbait ondorio esanguratsu nabaritu behar ditugu.

Lehen ondorioa enpresaren eraldaketan dugu, enpresa klasikoaren departamentalizazioa integratuz (produkzioa, merkatalgintza, administrazioa, zuzendaritza, ikerketa, eta abar); enpresa modernoak departamentu eta funtzio guztiak komunikazio sistema amankomun batean integratzen ditu, efikazia, produktibitatea eta etekin orokorra gauzatzen dituzten faktore estrategikoei garrantzia ematen dielarik;[17] Bigarrena, teknologia berriek serie motz eta sofistikatuak egiteko aukera ematen dizkigute, eskariaren egitura eraldatuz; eta hirugarrena, taylorismoak ezarritako gestio-sistemaren oinarria (lan postu indibidualetan oinarritutako gestio sistema) eraldatuko da, "lan taldeetan" gauzatutako beste gestio sistema bat agertuz.[18]

Eta hemen errealitate berria dugu, teknologia berriek dituzten ahalmen produktiboak eskuratzeko "kapital ikuezina" ezin beztekoa bait da, zeinak, ekimena, motibapena, formakuntza, kualifikapena, eta enpresarekiko kohesioa dituen langileak eskatzen ditu, eta jakina, taylorismoak gauzatutako langileak, (kualifikatu gabekoa, ekimen gabekoa eta enpresako proiektuan integratu gabe dagoena) ez du baliorik izango.

Teknologia berriak dakartzaten ahalmen produktiboak eskuratzeko, harreman teknikoak sakonki eraldatu behar dira enpresaren boterea birbanatuz, eta hemen, kapitalak duen erronka nagusia plazaratzen da: enpresa berrietan langileek eduki behar duten boterea eta protagonismoa, eta kapitalak, prozesu orokorraren gain, eskatzen duen domeinua eta kontrola, nola konpatibilizatu. Horrela, prozesu produktibo berrietan, lan-antolaketa zientifikoan oinarriturik, kapitalak dituen esperientzia eta ezagutza, mantenduko dira, eta nahiz eta kontrajarri izan, partaidetzaren garapenarekin batera erabiliko dute.[19] Dena den, munduan zehar eta progresiboki, estrategia parte hartzailearen garapena gertatzen ari da ("talde teknologiak", kalitate-zirkuloak, talde-operatiboak, helburua gauzatzeko oinarriturik zuzendaritza partizipatiboa, talde-autonomoak, eta abar), zeinak enpresaren proiektuarekiko, langileek daukaten identifikazioa eta kohesioa gehiagotuz, langileek dituzten ahalmen produktibo izkutuak berreskuratu nahi ditu.

Eta egun, errealitate honen adierazpen nagusia, munduan zehar hedatzen ari den "toyotismoa" dugu. Zergati historiko eta kulturalengatik, Japoniatik datorren lanaren antolaketa sistema honek, produkzio malguan, langileen polibalentzian, langileen arteko komunikazioan, eginkizunen errotazioan eta enpresarekiko kohesioan oinarritzen da, eta lantegi aurreratuetan, taylorismoa eta fordismoa gero eta gehiago baztertuz, jaun eta jabe aurkitzen dugu.[20]

Bigarren aipamena munduaren globalizaziori egingo diogu, zeinak internazionalizatze prozesuaren adierazpen gaurkotua azpimarratzen du. Munduaren globalizazioak, Estatu-Nazioaren garaia gainditua dagoela erakusten digu, eta azkenengo 15 urteetan, gure planeta hiri erraldoi bat bihurtuz, munduko herrien eta prozesu ekonomikoen arteko interdependentziaren hazkunde ikaragarria adierazten du. Hirurogeitamar hamarkadan, lan intentsibo ziren produkzio prozesuen leku-aldaketa masiboekin, globalizazioaren lehen urratsa ageri zaigu. Horrela, herri industrializatuen bapatezko deklibearekin (siderurgian oinarritutako herri industrializatuak),[21] hirugarren munduko herri industrializatu berrien gorakada (Hong-kong, Singapur, Hego Corea, Taiwan) ikusten dugu. Ekialdeko Asiatar herensuge hauek, han zeuden soldata txikiak eta gabezia sozial, politiko eta sindikalak erabili zituzten, Estatuaren laguntzarekin batera,, munduko azpikontratazioa eskuratzeko, ukaezinezko arrakasta lortuz.[22] Laurogei eta laurogeitamar hamarkadan Txinan ezarritako hiri portuarioek eta zonalde bereziek, logika berdina erabiliz, berriz munduko inbertsioak eskuratzea lortuko dituzte[23] izugarrizko hazkundea gauzatuz.[24]

Horrela, multinazionalek txantaia egingo dute, beste herri pobreagoa edo gabezia handiago duena aurkitu dezaketelako beti, produkzioaren lekualdaketak gauzatzeko. Hemen, gero eta gehiago "dumping soziala" konpetibitatearen oinarri garrantzitsu bat bihurtzen ari da, eta mundu globalizatu batean, herri garatuen " Ongizatearen Estatuaren" desagerpena eta lan merkatuaren deskonposaketa dakarkigu. Pobrezia eta aberastasuna progresiboki ere globalizatuko dira, eta alde batetik, lehen munduko zatiak hirugarren munduan agertuko dira, baina gero eta gehiago hirugarren munduko zatiak ere lehen munduan kokatuko dira. Hemen, demokrazia industriala munduko herri garatuen zentruan dauden enpresa aurreratuenetan gauzatuko da (toyotismoaren bitartez) eta bere osagarri gisa, lan intentsibo diren produkzio prozesuetan, taylorismo eta neotaylorismoa, periferia osoaren ezaugarri izango dira.

Hirugarren aipamena empresa multinazionalei egingo diegu. Bere dimentsioengatik, enpresa erraldoiak diren hauek (General Motors: 800.000 langile, Ford: 400.000, IBM: 400.000, Siemens: 370.000, D. Benz: 370.000, Volkswagen: 250.000, Hitachi: 170.000, Matsushita: 190.000, Mitsubishi: 200.000, eta abar) izugarrizko produktibitatea daukate (Euskal Herriko kooperatibetan langile bakoitzak urtero 10-12 milio peseta fakturatzen baditu, mendebaleko multinazionaleetan langile bakoitzak 60-80 milio peseta eta japoniar multinazionaleetan 120-140 milio peseta fakturatzen ditu), eta egindako inbertsio zuzenagatik eta joint-ventures-engatik eta ezarritako "filialen" bitartez munduan zehar hedaturik daude.[25] Globalizaturik dagoen mundu batean, enpresa multinazionalek sektore estrategikoetan kokatuta daude, finantz erreserba ikaragarriak daukate, lehengaien merkatua, energiaren mundua eta osagarrien industria, kontrolatzen dituzte; eta ikerketan izugarrizko esfortzua eginez, eta haien arteko aliantza estrategikoen bitartez, munduko merkatuaren banaketa gauzatzen dute, merkatuan gelditzen diren besteentzako, iraunbizitzeko baldintzak eta konpetibitatearen oinarriak ezarriz.

Horrela, langileen kontrolpean edo eskuetan dauden enpresek, iraunbizitzeko, beraien demokrazia industrialak mantendu nahi badituzte, multinazionalek exigitutako "masa kritikoa" eta "eskala-ekonomia", bete behar dituzte.[26]

 

Antxon Mendizabal

 

 

[1] Langile eta produkzio- tresnen arteko banaketari buruzko azterketa zientifikoa "gainbalioaren teoria" gauzatzen du eta , Marxek egindako ekarpen zientifiko haundiena izan da . Horrela, berak gauzatutako obra nagusia, "Kapitala", produkzio modu kapitalistaren funtzionamendua lan indarraren hustirakuntzan eta esplotakuntzan oinarritzen dela frogatzen du. 

[2] Gizarte kapitalistan dagoen unitate produktiboen arteko banaketari buruzko azterketa zientifikoak "balioaren teoria" gauzatzen du. Hemen ere, ekonomilari klasikoek (Ricardo eta abar) egindako hasierako azterketa zientifikoak jarraituz, Marxek bukatu eta borobildu zuen teoria hori. 

[3] Administrazio kontseiluan akzionistek erabakiko dute eta erabakitzeko ahalmena akzioen kopuruaren arabera izango da. 

[4] Elkarte kooperatiboaren harreman laboralaren esentzia, langile-empresario figura berrian gauzatzen da. Horrela, langi- le eta enpresarien arteko interes kontrajarriak mantenduko di- ra,baina kooperatibako bazkide bakoitzean barneratuz (pertso na bera, era batera, enpresario eta lagile delarik) eta dialektika berria sortuz. 

[5] Sozietate Anonimo Laboralen lege berrian, enpresa hauetan, akzioen %51 baino gehiago langilen eskuetan egon behar dira. 

[6] Hemen ere administrazio kontseilua gorengo erakunde juridi- koa da, baina Estatuaren ordezkarie osatzen dute. 

[7] Empresa komunitarioak Irlandan eta Britania Handiko zonalde atzeratuetan bereziki agertzen dira. Hirugarren Munduko zenbait herrietan ere, komunitateak zenbait proiektu eta enpresen jabetza eta gestioa daramatza (gerran dauden lurraldeetan eta zonalde liberatuetan oso formula hedatua delarik). 

[8] Alemaniako Estatuan 1.000 enpresa inguru, normalki sektore aurreratuetan kokaturik, "kogestioa" erabiltzen dute eta miloi bat langile baino gehiago enpresaren akzionistar bihurtu dira. 

[9] Enployee stock Ownership Plan (E.S.O.P.) ibilgailu finantzieroa 8 mila faktorietan aplikatutako formula da, eta 10 miloi langilek formula honen bitartez enpresaren jabetzan eta gobernuan parte hartzen dute. 

[10] Eginkizunen partzelarizazioa, aginte-lana eta egile-lana, buru-lana eta esku-lana. 

[11] Fordismoak, akumulaketa sistema berria (zeinak produktibita tearen igoerak soldaten igoerak dakartza) eta sistema erregulatzaile berria (zeinak enpresa eta sindikatuen arteko konbenio kolektiboak instituzionalizatuko ditu) suposatu ditzake. 

[12] Bost mila langileek egindako mugimendu guztiak, bideo bitartez, aztertuz gero, M.T.M. sistemak , langile batek egin ditzakeen mugimendu guztiak oinarrizko 12 mugimenduetan sintetizatzen ditu eta, aldiberean, oinarrizko mugimendu bakoitzak 100 azpimugimenduetan zatitzen ditu. Horrela ezarritako "denboren sistema", fitxen sistema unibertsala bihurtzen da, non nahi aplikatzeko baliogarria dela konsideratuz. 

[13] Lantegi berrietan, aurretik finkaturiko denbora sistema horrek prozesu konkretuetara gauzatzeko "egokitze" sistema berezi bat eskatzen du, zeinak prozesu konkretuan dauden giro eta baldintza tekniko eta sozialak kontuan hartzen ditu. 

[14] Gaur egun, teknologia berriarekin, gestio partehartzailearen garapena dugu. 

[15] Erakunde sindikalek, nahiz autogestioari eta kogestioari buruz zatiturik egon, langileriaren kontrolaren alde izan dira beti. Langileriaren kontrolak, enpresaren bilakaera sozio-ekonomikoari buruz informazioa eskuratzeko langileek duten eskubidea eta lanaren baldintzekin zerikusirik duten erabakietan langilek eduki behar duten ahalmen kontsultibo eta negoziatzailea, negoziaketa kolektiboaren bitartez, ezartzen ditu. 

[16] Europako Elkarte Ekonomikoan, Vredeling-ek egindako proposamena aipatuko dugu, zeinak enpresa multinazionaletan informazioa eskuratzeko eta erabakien aurrean kontsultatuak izateko, langileek duten eskubidea arautzen du, eta Britaina Haundiak egindako aurkaritzagatik blokeaturik dago. 

[17] Horrela, enpresa modernoaren ezaugarri berriak: fabrikazio- rako erabilitako informazioaren intentsitatearen hazkundea, produkziorako malgutasunaren hazkundea eta enpresa- ihardueren arteko integrakuntza sistematikoa, aipatu behar ditugu. 

[18]

[19] Hemen, enpresa modernoaren kontraesan nagusia dugu, zeinak alde batetik ,lan indarrei giza harremanetan kokaturik dagoen estrategia aplikatzen die (motibapena, kualifikazioa eta formakuntza indartuz), eta beste aldetik, deskualifikapena eta desmotibapena gauzatzen dituen taylorismoa eta fordismoa mantentzen dit. 

[20] Toyotismoak, lanaren prozesu osoan dauden denbora hilak ezabatzen ditu, eta lan-taldeetan antolatuz, langileen autokontrola eta lanaren kalitatea garatzen du, "une aproposean produkzio aproposena" egitea erabiltzen du lema gisa, produkzioa malgutasunean oinarrituz. 

[21] Hego Euskal Herria Espainian, Alsazia-Lorena Frantzian, Gales Britaina Haundian, Walonia Belgikan, eta abar. 

[22] 1.965 eta 1.990 artean herri hauen urteroko erdi mailako hazkundea % 7koa izan da. 

[23] Txinan ezarritako lau zonalde berezietan eta 14 hiri portua- rioetan dauden soldatak herri industrializatu berrietan daudenak baino txikiagoak dira eta gabezia soziala, politiko eta sindikalak haundiagoak dira. 

[24] Azkenengo 15 urteetan hemen gauzatutako urteroko erdi- mailako hazkundea % 9koa izan da

[25] Enpresa matrizen eta filialen arteko elkartrukeek munduko elkartrukeen laurdena suposa dezake. 

[26]