Kategoria: KANT, immanuel
Agerraldiak: 1469

 

      Ver del ORIGINAL en PDF

 

 

HITZAURREA

  

I. Arrazoimen hutsaren kritikaren egitura eta gai nagusiak

Arrazoimen hutsaren kritika bi zatik osatzen dute aurkibideak dioenaren arabera: osagaien irakaspen transzendentalak eta metodoaren irakaspen transzendentalak. Bitariko zatiketa honek, ordea, ez du ukitzen liburuaren mamia, aurkibide berak erakusten duen moduan: osagaien irakaspena (73-525 orr.) orrietan aurki daiteke eta metodoaren irakaspena (529-611 orr.) orrietan[1]. Lehen zatiak 700 orrialde inguru betetzen ditu, bigarrenak, berriz,  besterik ez. Filosofikoki esanguratsuagoa beste zatiketa bat da, sentimena adimenaren aurrean jartzen duena, edo sentimena adigaiaren aurrean, edo bestela esanda, sentimena pentsatzearen aurrean jartzen duen zatiketa. Jatorria Filosofiaren hasieran bertan duen zatiketa honek gaurkotasun berezia zuen Kanten garaian, Descartes, Spinoza, Leibniz eta beren eskolenMetafisika, eta John Locke, George Berkeley eta, last but non least, David Humeren enpirismo ingelesaren arteko aurkakotasunean adierazten baitzen. Aurkakotasun hau Kantek osagaien irakaspenaren barnean jasotzen du, zeinak Estetika transzendentala izena duen sentimenaren eta begiespenaren teoria batekin hasiz Logika transzendentala izena jasotzen duen pentsatzearen edo adimenaren teoria batekin jarraitzen duen. Estetika transzendentalaren arabera espazioa eta denbora ez dira objektu absolutuak, ezta berbaitango gauzen arteko harremanak ere, baizik gure formak, hau da, subjektu ezagutzailea den gizakiaren formak, hots, objektuak gugandik at espazioan diren moduan eta denboran aldatzen diren moduan begiesten dituzten formak. Teoria hau Kantek jadanik 1770ean garatu zuen eta bere katedraren irekiera-hitzaldian De mundi sensibilis atque intellegibilis forma et principiis izenburupean aurkeztu zuen sentsuen munduaren formaren eta printzipioen teoria gisa, geroago pentsatu zuen Arrazoimen hutsaren kritika baten proiektuarekin zerikusirik izan gabe. Lan hau historikoki ez ezik sistematikoki ere Arrazoimen hutsaren kritikarenbenetako muinera iristeko aurre-jolasa edo prestaketa da, hau da, pentsatzearen forma hutsen irakaspena den Logika transzendentalera iristeko prestaketa, eta honen bitartez guk:

* Sentimenean ematen zaigun anizkunkia determinatua den zerbait gisa, hau da, objektu gisa aditzen dugu.

* Horrela, objektu gisa determinatutako anizkunkia beste anizkunkiekin bateratzen dugu adimenaren erregelen arabera, hura objektu enpiriko edo agerpenen mundu bihurtzearren, hau da, izadi bihurtzearren, izadia legezko sistema batean biltzen diren objektuen elkarketa den aldetik.

* Objektu hauen osoki absolutua inferitzen dugu arrazoimenaren bidez determinatutako batasun absolutu gisa.

Logika transzendentala bera ere, bestalde, bitan zatitzen da. Hau lehenik Analitika transzendentala da, «egiaren Logika» bat, beraz; bigarrenik, Dialektika transzendentala da, eta Kantek Dialektikaz itxuraren Logika ulertzen du, eta itxura honen aurkikuntza, kritika eta gaindipena dira Dialektika transzendentalaren egitekoak[2].

Sailkaketa honen arabera honela uler daiteke laburki Kanten Filosofia transzendentala: Analitika transzendentala pentsatzearen forma hutsen teoria positiboa da, hau da, egiazkoak ez ezik, egiazko ezagutza ororen baldintzak ere badiren formen teoria. Forma hauek adimen hutsaren adigaiak eta judizioak dira, hots,  adimenaren adigai hutsak edo kategoriak eta adimen hutsaren oinarri-esakuneak izendatzen direnak. Aditzearen forma huts gisa aurkezten diren hauek sentimenean emandako anizkunkia determinatzen dute, honela hau objektu gisa edo objektuen mundu gisa aditzearren. Oinarrizko adigai hauetatik gainera adimen hutsaren oinarri-esakuneen sistema ere erator daiteke, eta oinarri-esakune hauen bidez mundu honen oinarrizko egiturak legeen sistema baten gisa ulertzen ditugu eta izadia osotara kausa mekanikoen arabera eta legeen arabera konplituki determinatuta ezagutzen dugu.

Analitika transzendentalak adimen hutsaren adigaiak eta judizioak barnebiltzen ditu, zeinak sentimenarekin, begiespenarekin eta esperientziarekin halako moldez jar daitezkeen harremanean, non adigaien eta judizioen Logika egiaren Logika bihurtzen baita; baina harreman hau ezinezkoa gertatzen zaie arrazoimen hutsaren adigaiei, judizioei eta inferentziei, zeren hauek ezin baitute loturarik lortu sentimenean emana den anizkunkiarekin, ezta objektu begiesgarriekin edo hautemangarriekin ere, edo ezta objektu enpirikoekin ere eskuarki. Izan ere, arrazoimen hutsaren adigaiak edo «ideiak»[3] begietsi ezin den, hauteman ezin den eta esperientzian eman ezin den Zerbaiten adigaiak baitira. Horrelako Zerbaiten lehenengo adibidea giza arima da, bigarrena mundua, osoki absolutu gisa, eta hirugarrena Jainkoa. Arrazoimen hutsak arimaren adigaitik abiatuta arimaren substantziatasuna, batasuna eta hilezkortasuna inferitzeko egiten duen saialdiak inferentzia okerren sistema bat sortzen du[4]. Munduaren mugatasuna edo mugagabetasuna, materiaren zatigarritasuna edo zatiezintasuna, eta munduko kausalitate osoa edo munduaren lehen sortzaile bat frogatzeko saialdiek arrazoimen hutsa antinomia batean nahasten dute munduaren kontzeptuari dagokionez, antitekika edo kontraesanen sistema batean nahasten dute, beraz[5]. Azkenik, Jainkoaren izatea frogatzeko saialdia itxurazko jakintza kaskala besterik ez dela gertatzen da[6]; arrazoimenaren printzipio espekulatiboetatik abiatzen den Teologia kritikari menperatzen zaio halabeharrez. Kasu hauetan guztietan (Psikologia metafisiko edo arrazionalean, Kosmologia metafisiko edo arrazionalean eta, azkenik, Teologia metafisiko edo arrazionalean) arrazoimen-inferentzien Logika edo Dialektika hau itxuraren Logika bat da. Helburutzat itxurazko jakintza hori argitara ekartzea eta gainditzea duen Kanten Dialektika transzendentala aldi berean ordu arteko Metafisika ororen gaitzespena da. Horrela, Arrazoimen hutsaren kritikaren zati positiboak, hots, Estetika transzendentalak eta, bereziki, Analitika transzendentalak, «zientzia gisa agertu nahi duen etorkizuneko edozein Metafisikaren»[7] aurrekariak edo propedeutika garatzeko egitasmoa jasotzen du; aitzitik, Kant deuseztailearen Dialektika transzendentala ordu arteko Metafisika ororen ezeztapena da, Metafisika hau itxurazko jakintza soila den heinean.

Arrazoimen hutsaren kritikaren gai, interesgune, tesi eta asmo nagusien gainbegirada hau honela laburtzen dut bukatzeko: Arrazoimen hutsaren kritikak Estetika transzendentalean espazioa eta denbora beren baitan existitzen diren gauzak edo gauzen arteko harremanak ez direla, baizik gizakiok gauzak begiesteko ditugun formak edo moduak direla dio; Analitika transzendentalean Arrazoimen hutsaren kritika pentsatzearen forma hutsak, adimenaren adigaiak eta oinarri-esakuneak daudela dioen irakaspena da, zeinek sentsuen arabera ematen zaigun anizkunkia determinatzen duten, honela guk hau objektu determinatu gisa[8], legeen multzo gisa, izadi gisa eta agerpenak diren objektuen mundu gisa begiesteko eta aditzeko; horrekin batera, Analitikaren irakaspenak zera dio: gure pentsatzearen eta begiestearen forma hauek ez direla esperientziaren baldintzak soilik, esperientzia gizakien ezagutza-modu bat den aldetik, baizik esperientziaren objektuen ahalgarritasunaren baldintzak berak direla. Azkenik, Arrazoimen hutsaren kritika Dialektika transzendentalean arrazoimena epaitzen duen eta esperientziaren eta sentsuen bidez ematen zaigun anizkunkiaz goiti doazen adigaiak eta inferentziak itxurazko jakintza gisa azaltzen dituen epaitegia da, hau da, giza arimari dagozkion inferentzia okerren sistema gisa azaltzen dituena; bestalde, munduaren adigaiari dagokion antinomia gisa, non arrazoimena munduaren mugei, hasierari eta amaigabetasunari buruzko kontraesanetan gertatzen den; gainera, Jainkoaz diharduen itxurazko zientzia gisa, Jainkoaren existentzia frogatzeaz harrotzen den Teologia espekulatiboa den heinean, hori egiatan ezinezkoa izaki.

Arrazoimen hutsaren kritika hau, beraz, Kanten «esperientziaren teoria» da[9], «esperientziaren Metafisika»[10],Metafisikaren arazoarekin eta arazoekin jardunaldia[11], eta beraz, Kantek arrazoimenaren eta sentimenaren mugak[12]determinatzeko egiten duen saialdia. Liburua 1781ean agertu zen lehenengo aldiz eta 1787an berriz hobetutako argitaraldi batean, bai egileak, baita publikoak ere lana zailegitzat eta ilunegitzat jo zutelako. Ordutik aurrera Arrazoimen hutsaren kritika 200 urte luzeetan behin eta berriz argitaratua izan da eta munduko hainbat hizkuntzatara itzulia izan da, orain lehenengo aldiz euskarara.

Zer da, bada, liburu zail, sakon eta ilun hau hain jatorri eta interes ezberdinak dituzten hainbat gizakirentzat hain erakargarria bihurtzen duena? Lehen erantzun bat hau izan liteke: liburu honekin Kantek Filosofia ez ezik, izadiaren eta munduaren ulermena, hots, gure mundu-ikuskera ere hankaz gora jarri duela eta horrekin batera honi oinarritzapen irmoa eman diola. Nola ulertu behar da paradoxa hau?

 

II. Filosofiaren iraultza kopernikarra

Kantek berak bere Filosofia eta bereziki Arrazoimen hutsaren kritika iraultza-ekintza gisa ulertu zuen, eta horrela aurkeztu zien bere irakurle eta garaikideei[13]. Orduan, galdekizuna berriro ere agertzen zaigu: nolako iraultza da hau? Zer esan nahi du «iraultza» hitzak hemen oro har? Eta zer da hemen iraultzen dena batez ere? Zein dira iraultza honen emaitzak? Galdekizun hauei erantzun asko eman dakizkieke, adibidez, ondorengoak:

*Iraulia dena –eta honek hankaz gora jarria esan nahi du– Metafisika bera da. Iraultza honen emaitza positiboa Metafisikaren oinarritzapen berri baten saialdia da, hots, idealismo transzendental edo kritiko baten printzipioetan funtsatzen diren Izadiaren Metafisikaren[14] eta Ohituren Metafisikaren[15] oinarritzapen-saialdia. Honek galdekizun berri batera bidaltzen gaitu: zer dira printzipio transzendentalak eta zer da idealismo transzendentala? Iraultza honen emaitza negatiboa ordu arteko metaphysica generalis edo Ontologia, h. d., izatearen irakaspena, adimen hutsaren analitika apalago batez ordezkatzeko ekintza da[16]. Ordu arte dena menperatzen zuten Metafisikaren hiru eremu nagusiek, Psikologia arrazionalak, Kosmologia arrazionalak eta Teologia arrazionalak, arrazoimen hutsaren inferentzia okerretan oinarrituak daudela dioen epaia jasotzen dute, eta gainera, ezinezkoak direla dioen epaia ere bai, bereziki Kantek arrazoimenaren printzipio espekulatiboetatiko Teologia orori egiten dion kritikarentzat balio duen epaia.

*Beste erantzun bat, hain abstraktua ez den erantzuna, hau litzateke: Kantek gure ezagutzaren eta izatearen adigaiak irauli ditu. Espazioa eta denbora, adibidez, Kanten aurretik, edo objektu absolutuak ziren, hots, espazio eta denbora absolutuak ziren, edo gauzen arteko harremanak ziren, egoera, urrunera eta antzekoen gisa. Kanten arabera ez dira ez bat ez bestea, baizik beste zerbait, erabat berria den zerbait, hots, formak dira, guk objektuak gugandik at espazioan eta gugan denboran begiesteko ditugun formak, eta objektuak berak espazioan determinatutako objektu gisa (adibidez, hiru dimentsiotako, bi dimentsiotako edo dimentsio bakarreko objektuak) eta beren aldaketak denboran determinatutako aldaketa gisa begiesteko formak. Hala ere, Kantek ez ditu espazioa eta denboraren adigaiak soilik irauli, baizik gauzen oinarrizko adigaiak berak ere bai, objektu edo gauzaki baten adigaia oro har, eta bereziki izadiaren adigaia, non guk begietsi, hauteman, ikertu eta ezagutu nahi eta ahal ditugun gauza guztiak bateratzen diren. Horrela, begiespenen kantitatea eta kualitatea, beren substantziatasuna edo iraunkortasuna, beren kausazko harremana, kausa eta efektua diren aldetik, eta, azkenik, beren arteko elkarreragina gauzen oinarrizko adigaiak dira[17], ez gauzak beren baitan diren aldetik, hau da, beraiek begiesteko eta aditzeko gure eratik beregainki, baizik guretzat diren moduan soilik, hau da, agerpenak diren heinean, errepresentazioak diren heinean. Honek esan nahi du adigaiok direla guk zerbait gauza gisa pentsatzeko baliabidea, eta beraz, handitasun determinatu edo kantitate gisa, substantzia edo akzidente gisa, kausa edo efektu gisa, elkarreragin osoan dauden substantzia gisa pentsatzeko baliabidea direla, eta adigai hauei esker sentsuen bidez ematen zaigun anizkunkia objektu gisa determinatzen dugu eta horren bitartez zerbait oro har lehendabizikoz gauza gisa, objektu gisa sortzen dugu.

*Hala eta guztiz ere, Kantek adigaiak soilik ez ditu iraultzen; hauekin batera judizioak ere iraultzen ditu, gizaki guztiek adigaiok beraietan erabiltzen baitituzte: adigai hauek judizioetan elkarlotzea gure errepresentazioen multzoan ordena eta legezko batasuna sortzeko eta horrela errepresentazio subjektibo soilak direnetatik abiatuta esperientzia objektiboa eta edonorentzat baliogarriak diren esperientziaren judizioak sortzeko baliagarriak dira. Gure errepresentazioen anizkunkia elkarlotzen duten oinarrizko erregela hauek, beraz, gure kontzientziaren eta autokontzientziaren batasunean aldi berean legeak dira, gure adimenak izadiaren lege orokor eta transzendental gisa ezartzen dituenak[18]. David Humek izadiaren legeen apriorizko ezagutzaren deuseztapenari emandako erantzuna diren lege hauek izenburu hauekin aurkezten dira: begiespenaren axiomak eta hautemapenaren aitzinapenak, zeinek Matematikak Natur Zientzietarako duen balioa oinarritzen duten, Matematika begiespenen Matematika den aldetik; eta gainera, esperientziaren hiru analogiak, izadiko substantziaren kantitate osoaren gordeketa, kausalitatearen legea eta izadiko substantzia ororen arteko elkarreragina a priori frogatu behar duten analogiak.

Honela iraultzen ditu Kantek Filosofiaren oinarrizko adigaiak, eta gainera Matematika eta Natur Zientziaren adigaiak, baita oro har zientzia guztienak ere, printzipio metafisiko zaharren ordez printzipio eta adigai transzendental berriak ezartzen dituen heinean. Ezagutza iraultzen du, beraz, giza ezagutzaren osagaiak eta funtsezko emaitzak oro har, baina hauekin batera objektuen, gauzen, izadiaren izatea, ez hauek beren baitan diren moduan, baina bai guretzako objektuak diren aldetik, objektu enpirikoak, alegia, eta beraz, agerpenen mundu oso bat iraultzen du, eta adimenak berak eskuratzen ditu agerpen hauen oinarrizko adigaiak eta oinarrizko legeak, zeinen indarrez geuk sortzen, gauzatzen eta produzitzen ditugun objektu hauek, baita mundu hau ere, agerpenen mundua den heinean:

«Izadia deitzen diogun agerpenen ordena eta erregulartasuna geuk sortzen dugu...» (171 or.).

Hain ausarta, mutiria, kitzikatzailea, «gehiegizkoa» bada ere, baita «zentzugabea bada ere esatea: adimena bera dela izadiaren legeen iturburua, eta beraz, izadiaren batasun formalaren iturburua, hain zuzena eta gaiari, hots, esperientziari egokia da era berean halako baieztapena» (173 or.). Hau da Kanten kopernikar biraketa deitzen zaionaren funtsezko unea. Izan ere, Kant berak Arrazoimen hutsaren kritikaren bigarren argitaraldiko aitzinsolasean Metafisikaren bere iraultza eta Kopernikok sortutako astronomiaren iraultza alderatzen baititu:

«Ene iduriko, orain direna bat-batean buruturiko iraultza baten bitartez bihurtu ziren Matematika eta Natur Zientzia hain onurazkoa suertatu zaien pentsakeraren eraldaketaren funtsezko puntuaz gogoetatzeko adibide aski ohargarriak lirateke, baita haiek imitatzeko ere, saialdi gisa bederen, arrazoimenaren ezagutzak diren hauek Metafisikarekin duten analogiak baimentzen duen neurrian .............................

 

Ver el documento completo       Ver del ORIGINAL en PDF

 

 

 

 

[1] Arrazoimen htsaren kritika ohiko moduan aipatzen da 1781eko argitaraldiaren orrien zenbakiei aurretik A hizkia gehituz eta 1787ko bigarren argitaraldiaren orrialde-zenbaketari aurretik B hizkia erantsiz.

[2] Ikusi bereziki 107 or.: «Logika transzendentalaren bigarren zatiak, beraz, itxura dialektiko horren kritika izan behar du eta Dialektika transzendentala izena du, ez itxura hori dogmatikoki iradokitzeko antze gisa (...), baizik eta, adimenaren eta arrazoimenaren kritika den aldetik, bere erabilera hiperfisikoari begira honen handiuste oinarrigabeen itxura faltsua azalarazteko eta honela oinarri-esakune transzendental soilen bidez lortzen omen duen asmakuntzaren eta hedapenaren bere uzia juzgaketa soilera eta adimen hutsak itxurapen sofistikoen aurka duen babesera behetitzeko».

[3] Kantek hitzari ematen dion zentzuan. Ikusi 290 or. eta hurrengoak,  295 or. eta hurrengoak eta, bereziki, 298 or.; ikusi gainera, 1783ko Prolego-menoak, §§ 125-131 paragrafoak.

[4] Kantek arrazoimen hutsaren paralogismoak izendatzen dituenak,  306  or. eta hurrengoak.

[5] Ikusi 367-368 orr.: «Antitetikak, beraz, ez du jarduten inolaz ere baieztapen aldebakarrez, baizik arrazoimen-ezagutza orokorrak hartzen ditu aintzat, baina beraiek elkarrekin duten aurkakotasunari eta beren kausei dagokienez besterik ez. Antitetika transzendentala arrazoimen hutsaren antinomiaren azterketa da, bere kausena eta bere emaitzarena».

[6] «Beharrezko zerizan baten izatearen froga guztietako itxura dialektikoaren aurkikuntza eta argipena», 475 or..

[7] Zientzia gisa agertu nahi duen etorkizuneko edozein Metafisikarentzat prolegomenoak, Immanuel Kant, 1783.

[8] Pentsatzearen forma hutsaren funtzio honi buruz, hots, sentsumenean emandako begiespenaren anizkunkia objektuen begiespena lortzeko determinatzen duen formari buruz ikusi Arrazoimen hutsaren kritikaren lehen argitaraldiko adigai hutsen dedukzioko «Adigaiko berrezagutzaz», 158 or. eta hurrengoak, edo ikusi kategorien definizioa 130-131orr. eta dedukzioko 115-124 orr.  ataletako testuinguru osoa.

[9] Hermann Cohen, Kants Theorie der Erfahrung, 2. argitaraldia, Berlin, 1885.

[10] H.J. Paton, Kant’s Metaphysics of Experience, London/New York, 1936/1951.

[11] Martin Heidegger, Kant und das Problem der Metaphysik, 3. argitaraldia, Frankfurt, 1965.

[12] Horrela dio liburuaren jatorrizko izenburuak. Ikusi Kantek Marcus Herz-i 1772ko otsailaren 21ean idatzitako eskutitza, Errege Akademiaren argitaraldian X 12928 eta hurrengoa, Arrazoimen hutsaren kritika, 40 or. eta P.F. Strawson, The Bounds of Sense, London, 1966.

[13] Ikusi bereziki, Arrazoimen hutsaren kritika, B XI-XII: «... iraultza baten eraldaketari egotzi behar zaio ...».

[14] Ikusi Natur Zientziaren hastapen metafisikoak, Immanuel Kant, 1786, eta Opus postumum deitzen zaien eskuizkribuak, hots, 1786 eta 1796 arteko hausnarketak eta 1796 eta 1804 artean idatzitako egitasmoen multzoa.

[15] 1797an agertu zen bere lehen zatia, Zuzenbidearen irakaspenaren hastapen metafisikoak, eta 1798an agertutako Bertutearen irakaspenaren hastapen metafisikoak.

[16] 253 or.

[17] Ikusi bereziki Analitikaren 10. atala, A 76/ B 102 eta hurrengoak eta «Adimenaren adigai hutsen dedukzio» osoa; gainera, «Adimen hutsaren oinarri-esakuneen sistema», bereziki begiespenaren axiomak (195 or.), hautemapenaren aitzinapenak (198 or.) eta esperientziaren hiru analogiak (218 or. eta hurrengoak).

[18] Gure adimenak izadiari ezartzen dizkion lege orokor eta transzendentalen arazoaz ikusi ondoren aipatzen diren A 125eko eta 127ko testuak, eta gainera, Juzgamenaren kritikako zenbait testu, Errege Akademiaren argitaraldian V 179; 180; 196.