Kategoria: CROCE Benedetto
Agerraldiak: 1719

 

     Ver el ORIGINAL en PDF

 

 

HITZAURREA

 

Artea hermeneutika eta esprit de système bitartean

 

Estetika-brebiarioak Crocek 1912an Texasko Houston Unibertsitatearen estreinatze solemnerako idatzitako lau irakastaldiak biltzen ditu. Hurrengo urtean, italiar irakurleei aurkeztean, haietan "kondentsatu" zituela gaiari buruz aurreko liburuetan azalduriko "oinarrizko kontzeptuak" idatzi zuen. Epai hori bereziki murriztailea gertatzen da. Baina jo dezagun atzera.

1912an Crocek 46 urte ditu. Aspaldian bere ospeak nazio-mugak gaindituak ditu. Estetica-ren (1902) ondoren —berehalaxe itzuli zuten zenbait hizkuntzatara— filosofiako beste bi tratatu argitaratu ditu: Logica come scienza del concetto puro (1909) eta Filosofia della pratica. Economia ed Etica (1908) eta horrenbestez bere  "sistema filosofikoa" osaturik gelditu zela esan daiteke. Mendearen hasieratik izan zuen Giovanni Gentile,  "idealismo aktualaren" etorkizuneko filosofoarekiko lotura. Lotura hori garrantzizkoa izan zen Gentilerentzat eta funtsezkoa Crocerentzat, izan ere, adiskide gazte horrek bultzatu baitzuen Hegel sakontzera, hari buruzko aurreiritzi handi samarrak zituenez gero.

Hortaz, mendearen lehen hamarkada amaitzean Crocek biribildurik zeukan bere filosofia. Aldiz, Gentileren  "sistemaren" lehen tratamendu artikulatua ez da 1916ra arte agertuko, Teoria generale dello spirito come atto puro, obrarekin eta ondoren, urte gutxiko aldearekin, etorriko zen Sistema di logica come teoria del conoscere (I. lbkia., 1917, II. lbkia. 1921), xx. mendeko pentsamendu filosofikoan oinarrizko obra izan dena eta izaten jarraitzen duena. Baina ordurako 1909ko  "Le forme assolute dello spirito" eta 1911ko  "L’atto del pensare come atto puro" bi idatzi laburretan argi eta garbi adierazita zeuzkan bere kontzepzio filosofikoaren oinarriak (bestalde, bere lehen idatzian, 1898an argitaratutako Rosmini e Gioberti doktorego-tesian in nuce ageri zirenak). Bi filosofiak bide banatatik dabiltza oinarrizko puntuetan. Crocek —Gentile bere ekimen kultural eta filosofiko garrantzitsu guztietan partaide egin duena,  "La Critica", 1903an sorturiko bere aldizkaritik hasita— beren arteko iritzi-desberdintasunaren berri jendartean zabaltzea erabakitzen du. Eta, gertakariari oihartzun ahalik eta handiena emateko ez du ikerketa filosofikoen egileen zirkulu estuari zuzenduriko argitalpen bat hautatzen, baizik eta  "Voce"-ren, Giuseppe Prezzolinik Florentzian sortu eta zuzenduriko politika eta kulturako aldizkariaren orrialdeak.

Testuinguru horretan kokaturik daude Brebiarioko irakatsiak, Crocek aurreko bere liburuetan azalduriko artea eta filosofia orokorrari buruzko oinarrizko kontzeptuen  "kondentsatze" bat baino zerbait gehiago direnak; horien birpentsatze bat dira, zeren eta adiskide filosofoaren objekzioek zirikaturik, aldi berean harekin jendaurrean 1913an izango zuen ondorengo eztabaidarako prestakuntza moduko zerbait baitziren. Garrantzizkoa da azpimarratzea bi filosofoen arteko ezadostasuna argumentatzeko moduan berean ere islatzen dela, eta agian horrexetatik bertatik abiatu ere egiten dela. Hau esatea beharrezko da Brebiarioko ouverturearen tonu arina ez gutxiesteko.

"Artea guztiek zer den badakiten hori da". Txantxetan bezala, hizkera erraz batekin, nahita ez-filosofikoa den batekin, Crocek funtsezko zerbait dio, ez dagoela ezertaz hitz egiterik, orientatuko gaituen kontzeptu bat gabe. Edo hobeki "aurre-kontzeptu" bat gabe, baina ez du kontzientzia erreflexuaren emaitza izan beharrik, baizik sentitze komuneko datu bat areago, eta horrelako den heinean bizi garen eta biziarazten gaituen tradizioaren ekarri bat. Datu hori bizitza historikoan oinarritu nahi duen filosofia ororen aurresupostua da, eta ez berezko elaborazio kontzeptual abstraktu eta azken finean artifiziozko baten gainean. Crocek baieztatzen du tradizioaren lehentasuna a priori historiko gisa, zeinaren emaitza eta interpretazio den aldi berean filosofia. Hitz batean, filosofia  "judizio historiko" da , Logica-n sostengatu zuenez, eta gero Teoria e storia della storiografian-n errepikatu eta argituko duenez, zeina bere Filosofia dello spirito obraren laugarren eta bukaerako liburuki bezala agertu aurretik Alemanian azalduko den, 1915ean Tübingengo Mohr argitaletxean obra autonomo gisa.

Kanti buruzko erreferentzia inplizitua begi-bistakoa da. Baina Croceren Kant hori xix. mendearen amaieraren eta xx. mendearen lehen urteen arteko europar kultura inplikatu eta metodo historikoa bera ere afektatzen zuen eztabaida epistemologikoaren argitan berrirakurritako Kant zen. Beraz, Diltheyrengandik oso hurbil zegoen Kant bat. Hau esan badugu, ez zituen menpekotasunezko erlazioak azpimarratzeko ez da izan, ezta bazterrezinak diren zuzeneko edo zeharkako eraginak ere; aitzitik, crociar pentsamendua eratu zuen kultur giroa adierazteko, stricto sensu filosofikoa bera baino ere areago.

Bizitza historikoaren interpretazio gisa sortzen den heinean filosofia sistema ireki, sekula behin betikoa ez den zerbait gisa eraikitzen da.  "Sistema" filosofikoa —irakurtzen dugu Brebiarioan— behin eraiki eta gero mantentzea eta etengabeko aldaketak behar dituen etxe baten gisakoa da, izan ere aldatuz iraunarazi eta sendotu egiten baita. Azaleko intelektualek soilik ez dute jarraipen historikoa, iraganarekiko loturaren zentzua ulertzen, bizitza eta heriotza den hori, izan ere orainaldia horretaz elikatzen baita etengabe. Croce, bistan dago, atergabe Gentileren kontrako armak zorrozten ari da. Ez da azalekotzat edo zentzu historikoaz gabetutzat zeukalako; alderantziz! Baina egia da bere filosofiak —egintzaren  "orainaldia", ezagutzea (edo, aktualismoaren mintzairan,  "pentsamendu pentsatzailea")  "iragana"ri, gertakariari, ezagutuari (edo  "pentsamendu pentsatu"ari) kontrajartzean, halako den heinean naturatzat hartzen dena: bizitza izpiritualaren caput mortuum-a— ezagutza historikoaren eta bere oinarrian daukan jarraipen historikoaren arrazoirik ez zuen ematen. Zeren eta historia bera ezagutzearen  "objektu" dena, historia iragana, baita urrunduena ere —esango du Crocek zakartasun polemikoaz  "Voce" aldizkariko eztabaidan— bizitza da eta ez heriotza: transmititzen den bizitza izpirituala, bere burua ezagutzara eramaten duena,  "hirugarren" baten, bere buruaz kanpoko  "pentsamendu pentsatzaile" baten esku-hartzearen zain egon gabe.

Baina bada oraindik beste elementu bat ere Brebiarioko lehen orrietan presente dagoena eta Crocek  "sistema filosofikoarekin" erantzun nahi duen eskakizun hermeneutikoa ulertzeko argitan jartzen duena. Bizitza historikoaren hermeneutika historiko den heinean  "kontzeptu filosofikoa" ez da isolaturik jaiotzen, beharturik dago bere baitan interpretatzen duen bizitzaren ugaritasun anitza islatzera, arte-obraz egina dagoena noski, baina baita egintza ekonomikoz, asmo politikoz, inoren onera zuzenduriko obraz eta pentsamendu logikoz ere. Beraz, kontzeptu oro ez da positiboan soilik definitzen bere eduki espezifikoari dagokionez, baita negatiboan ere, bera ez denarekiko, bere bestearekiko. Omnis determinatio est negatio —Spinozarekin esateko—. Baina oraindik beste pauso bat atzerantz eman ahal —behar— dugu, eta ongi pauso luzea, baldin eta hemen,  "sistemarekin" zer dagoen benetan jokoan ulertu nahi badugu. Filosofiaren logika bera, lehen aldiz Platonek Sofistan definitzen duena, eta zera da: koinwniva tw'n genw'n, "generoen komunioa".

Brebiarioaren ikusmuga teorikoa zirrimarratzeko baliagarriak diren premisa horiek ezarri ondoren, orain une egokia da zuzenean argumentuan sartzeko, berriz ere hasierako galderara joz:  "zer da artea?"

"Artea ikuspen edo intuizioa da". Definizio positibo honekin ukapen batzuk doaz haren edukia determinatzeko beharrezkoak direnak. Lehena: artea ez da "gertakari fisiko" bat. Horrek esan nahi du artea ez dagoela kolore-joko batera, edo forma-geometria batera murrizterik. Ezta  "objektiboki" kalkulaturiko soinu-erlazio batera ere.  "Ikuspen" artistikoa ez da  "kanpokoa", baizik  "barrukoa",  "subjektiboa". Ez dago  "eder naturalik", edertasuna  "izpirituarena" da eta horrena bakarrik.

Galde egin dezagun: zer esan nahi dute:  "barruko/kanpoko",  "natura/izpiritu",  "objektibo/subjektibo" oposizio horiek? Kontzeptu horiek argitzen ez badira Croceren doktrina estetikoa  "idealismo magiko" gisako batez nahasteko arriskua dugu, izan ere bere  "idealismoak" —baldin eta termino hori egokia bada bere filosofia definitzeko6— beti ezaugarri errealista nabari baten berezitasuna izan baitu. Baina  "gauzei" buruz galdezka hasi beharrean  "hitzei" buruz has ez gaitezen, itzul gaitezen arestian egin dugun galderara: zer esan nahi dute oposizio horiek? Har dezagun arazoa alderdi zailenetik, hau da, kontsidera dezagun Croceren baieztapena, irakurri bezain laster arestian esandakoarekiko kontrastean agertu ez ezik, egia esan, txundigarri samarra ere badena:  "Eta, galdetzen bada zer arrazoirengatik artea ezin den gertakari fisiko izan, lehenik erantzun behar da gertakari fisikoek ez dutela errealtasunik, eta artea, guztiek beren bizitza osoa eskaintzen diotena eta guztiak poz jainkozkoz betetzen dituena, zeharo erreala dela; horregatik ezin da gertakari fisiko izan, zerbait irreala baita". Bestela hau idealismo magikoa da! ez da baieztapen isolatu bat. Zertxobait geroago Crocek onartuz berraipatzen du harako esan hura: Rafael  "eskurik gabe ere pintore handia izango zela". Zer esan?

Hauxe bakarrik: Croceren tesia, benetan dioena hartaz ulertzen bada ez dela era idealistan definitzekoa, errealistanbaizik, eta ez paradoxazko zerbait bezala, begi-bistako zerbait bezala baino —egiazko proposizio guztiek, ulertu eta gero izaten duten begi-bistakotasun horrekin—. Eta izatez, zer da  "irreala", zer da abstrakzio kontzeptual hutsa, baizik eta "fisikotasun" hutsa, kanpokoa bere baitan, objektibitatea  "subjektibotik", pertzepziotik bereizia? Edota, konkretuago eta determinatuagoak izateko, zer dago ikusi gabeko kolore bat, entzun gabeko hots bat, hauteman gabeko, edo gutxienez inork irudikatu gabeko  "gauza" bat baino irrealagorik? Crocek hemen objektibitate hutsaren abstrakzioen kontra baliarazi nahi duena gauzek ikuspegi partikular berezi batean gertatzeko duten esperientzia fenomenologikoa da: gure munduan-izate erreal, eraginkorrean errotzen den esperientzia. Irreala da  "naturako ederra", zeren eta ez baitago  "ederrik", eta oraindik lehenago ez baitago  "naturarik" hartan bizi izanez hura miresten duen  "subjekturik" gabe;  "natura" gabe (edo  "mundu" esan daitekeenik) ere subjekturik ez dagoen bezala. Irreala da soinua entzuten duen belarritik bereizita, ikusten duen begitik abstradituriko kolorea, —eta alferrikakoa izan beharko luke, halaber, gehitzeak belarria eta begia ez direla  "gorputz" bakarrik, baizik eta gorputz eta  "arima", non arimaz ulertu behar den  "gorputza" hautemaile bihurtzen duena--; era berean irreala da bista munduko kolorerik gabe, eta entzumena soinurik gabe. Hori dio Crocek. Eta azaldu ere egiten du: hain zuzen ere Rafaelen adibidea dakarren leku berean, zeinari buruz dioen pintore handia izango zela eskurik gabe ere, baina ez  "marraztearen zentzua falta izan balitzaio ere". Rafaelek pintore handi izateko behar ez zituen eskuak,  "marrazkiaren zentzurik gabeko" eskuak dira —gorputz irreala, hortaz mundu gabea eta aldi berean arima gabea: arima erreal gabea—. Baina utz diezaiogun hitz egiten Croceri, zuzenean:  "pentsamenduak guretzat pentsamendu izateko hitzetan formulagarria izan behar du, fantasia musikal batek, soinutan gauzatzen dena, pinturazko imajina batek, pintatua".

Eta orain beste ukapenak: artea ez da egintza onuraduna, ez morala, ez ezagutza logikoa.

Ez da egintza onuraduna: artea begiesteak sorturiko atsegina —arrazoitzen du Crocek Kant argiro gogora ekarriz— erabat interesgabea da, aitzitik, onura hertsiki loturik egoten da bere objektuaren errealitateari. Adibidez: koadro batek bere irudiekin sentsazio eta emozio atseginak sortaraz ditzake gugan, itsusia izateari utzi gabe; edo, aitzitik, laborria eragin, ederra izateari utzi gabe.

Ez da morala: arteari ez dagokio ongia erakutsi eta irakastea, eta ezin zenbatu ahal dira artistikoki lortuak diren pertsonaiak gaizkia bera haragitzen dutenak, Capaneogandik Jagogana, edo harekiko menpekotasuna Francescagandik Emma Bovarygana.

Ez da ezagutza logikoa: judizioa eta lehenago oraindik sentimendu estetikoa itzulipurdikaturik gelditu litzateke, baldin eta arte-obrei buruzko judizioa haietan dauden eta adierazten diren egia logikoetan oinarriturik eman beharko bagenu: Danteren Commediaren edertasunari buruz bere teologiak duen egian oinarriturik.

Omnis determinatio est negatio, eta hortaz: omnis negatio est determinatio. Zera esatea adina da: artea ez den hori, zerbait da, haatik. Artearen ez-izatea ez da ezer,  "beste" bat da:  "onuraduna" da;  "morala" da;  "egia logikoa" da. Croceren  "sistema" e”teron eta ejnantivon platondar bereizkuntzan oinarritzen da.

Beraz bizitza izpiritualaren osotasuna ulertzera bere forma partikular baten interpretaziotik mugituz iristen da. Metodo hori eta idealismo aktualarena alderantzizko bi muturretan daude. Horrela, doktorego-tesian Gentilek kategoria eta kategoriaren kontzeptuaren arteko bereizkuntza kantiarra sorburuzko oposiziora jasotzen du, eta hortik berehala deduzituko du bere sistema osoa: artea, erlijioa eta filosofiaren hiru formak, baita haien dialektika ere. Crocek, aldiz, tradizioan oinarritzen du bere sistema: gizadiak betidanik aintzatetsi ditu ederra, egia, ongiaren "unibertsalak"; bere egiazko "aurkikuntza", bere  "filosofiarentzat" errebindikatzen duena onura edo ekonomikoaren aurkikuntza da izpirituaren kategoria autonomo gisa. Eta horren berorren aitzindari Makiavelo izan dela aitortzen du. Baita Marx ere —"proletalgoaren Makiavelo" gisa definitua—, izan ere historiari buruzko haren gogoetek hamazazpigarren mendeko ideologia abstraktuetatik askatu baitzuten politikaren errealitate gogorra ulertaraziz. Sekula ez da behar adina balioetsiko Marxen azterketara Crocek 1896 eta 1899 bitartean egindako ekarria bere  "sistema" eratzeko. Marxen historiari buruzko filosofia kritikatuz, bere interpretazio panekonomizista hermeneutika historikoaren  "kanon enpirikora" murriztuz, Crocek aldi berean joaira historikoaren aurreikusezintasuna, eta bilakaera, eta bizitza ulertzeko zientziaren abstrakzioek duten desegokitasuna agerian jarri zituen. Kontzeptu zientifikoak, gehienez ere, mundu historikoko gertakarien aniztasunean ordena ezartzeko tresnak ziren berarentzat, erabat ordena  "subjektiboa" zen: bizitza historikoaren errealitateak ihes egiten baitu haietatik. Croceren begien aurrean  "nihilismoaren" espektroa ageri zen. Eta iraganera joz ahalegindu zen hari aurre egiten, europar tradizio goreneko balioak berreskuratuz. Onuraren autonomiaren berrezagutza bera ere legez kanpoko indar horri muga, hesia jartze-ahalegin gisa ikusi izan da. Hori bai, moralarekiko autonomoa zena, baina  "egitearen beste potentzien" artean ezarrita zegoen heinean, diziplina komunari men egin behar zion (edo beharko ziokeen gutxienez). Bereizkuntzaren filosofia —koinwniva tw'n genw'n horren bertsio moderno hori— iragana, tradizioaren lepotik sortuko zen. Oinarria eman zion haren beraren lepotik. Croce txunditurik gelditu zen, ordea, bere alboan, berak hainbesteko arretaz landuriko filosofia historikoaren baratzean,  "egintzaren filosofiaren" landare pozoitsua ernetzen ari zela ohartzean, berarentzat,  "aktibismo" —irakur bedi, nihilismo— garaikidearen erarik engainagarriena zen hura, zeren eta tradiziozko balio guztien eta bereizkuntza guztien ukatzailea baitzen. Ez da halabeharrezkoa Gentilerekin izan zuen bere eztabaidako lehen esku-hartzea idealismo aktualak zentzu morala ahuldu eta  "errorea" eta  "gaizkia"  "lilura" hutsetara murriztearen salakuntzaz ixtea.  "Desberdinen" filosofiak, aldiz, berrezagutu egiten du kontrajarriaren  "errealitatea" beste den heinean. Platondarren koinwniva tw'n genw'n hura bezala.

Artea eta logika, ekonomia (edo onurazkoa) eta etika, beraz, baina Crocek berak esango duenez, kontzeptuak ez dira mahai gainean binaka edo launaka edo seinaka... ezartzen diren intxaurrak bezala; kontzeptuak deduzitu egiten dira. Eta hemen "dedukzioak" ez du esan nahi bizitzatik bere efektibitatean, bere historikotasun faktualean hartutik irtenarazten duen prozedura hermeneutikoa, bizitza bera interpretatu ahal duten eta interpretatzen duten kategoria unibertsalak. Ez, hemen dedukzioak besterik esan nahi du: kontzeptuak, edo kategoriak ordena sistematiko batean sartzea, haien kopuruaren arrazoia emateko eran —zeren horiek baitira eta ez beste batzuk—, baita haien erlazioen, beharrezkoa segidaren, eta abarren arrazoia emateko ere.

Baldin eta Croceren pentsamendua bere konplexutasunean hartzen badugu, argi dago printzipio hermeneutikoaren eta  "izpiritu sistematikoaren" —"sistemaz" zeharo bestelakoa denaren— artean beti zabalik dagoen gatazka baten borrokaleku dela. Ondoren horren koadro eskematiko bat marraztuko dugu.

Kategorien ordenamendua burutzen duen irizpidea bikoitza da: ezer baino lehen teoria eta praxia bereizten dira —gauza bat da mundua ezagutzea, eta beste bat hura aldatzea—, gero banakoa eta unibertsala —gauza bat da zuhaitz honen intuizioa, eta beste bat zuhaitzaren kontzeptua orokorrean, nork bere interes partikularra nahi izatea gauza bat den bezala, eta beste bat guztien ongia (edo Guztiarena  . . . . . . . . . . . . . . .  . .

 

 

Ver el documento completo       Ver el ORIGINAL en PDF